2024/11/25

Araxesek saria lortu du Euskadiko 4x4 Sokatira Txapelketan

Nafarroako sokatira txapelketari segida zuzenean emanez Euskadiko txapelketak hartu du lekukoa, eta bertan gure neskek Araxes talde bezala eta Ibarrako taldea osatuz parte hartu dute. 

Emakumezkoen 4x4 250kg modalitatean aritu dira bi jardunaldietan. Lehenengo jardunaldia finalean sailkatzeko izan zen eta bigarrena berriz finala.

Finala - Txantrea - Sailkapena:

Azaroak 30ean burutu zen finaleko jardunaldia eta hemen talde guztiak hortzak ederki erakutsi zituzten. Tiraldiak oso gogorrak izan ziren baina gure neskek lan bikaina eginez 3. postua lortu zuten.

1. Txantrea / 2. Ibarra  / 3. Araxes / 4. Beti-Gazte / 5. Antsoain A / 6. Antsoain B

Lehen jardunaldia - Antsoain - Sailkapena:

Lehenengo saioa azaroak 23an burutu zen, Antsoainen, eta bertan lan ederra egin zuten gure kirolariek. Finalerako sailkatzea zen helburua eta hortarako azkena ez izatea zen kontua, baina kementsu, indartsu eta ederki arituta 2. postua lortu zuten.

1. Txantrea / 2. Araxes / 3. Ibarra / 4. Beti-Gazte / 5. Antsoain A / 6. Antsoain B / 7. Badaiotz

Zorionak neskak!! eta Aupa ARAXES!!

2024/11/20

Gure neskak Nafarroako Sokatira txapelketan lehiatu dira

Aurten ere Araxes taldeak Nafarroako Sokatira txapelketan parte hartu du. Azken aldietan bezala, nesken taldea aurkezten dugu bakarrik, mistoko taldea osatzeko ere nahiko mutilik ez dugulako. Ea hau aldatzen den...

Araxesek Emakumezkoen 6x6-385kg modalitatean parte hartu du azaroak 10 eta 16ean, Elizondo eta Lesakan burututako txapelketan. 

Zazpi talde lehiatu ziren eta gure neskak bostgarren postuan gelditu ziren jardunaldi bakoitzean eta sailkapen orokorrean.

Sailkapen orokorra:

Txapeldun: Beti-Gazte / 2. Txantrea / 3. Berriozar / 4. Amaiur / 5. Araxes / 6. Antsoain “A” / 7. Antsoain “B”



Nafarroakoa amaitu da, baina sokatirak eta gure taldeak ez du atsedenik. Azaroak 23tik hasita, Euskal Herriko txapelketan parte hartu behar dute. 

Aupa Neskak eta Aupa Araxes!!

2024/10/31

2024-2025 herri kirol ikastaroaren denboraldia hasi da

Urteroko moduan, urriarekin batera hasi da herri kirol ikastaroa eta aurrekoetan bezala kirolari berriak eta utzi dutenak ditugu.

Partaide kopuru aldetik, jetsiera izan dugu. Iaz 28 partaide izan genituen eta aurten 22 dira. Jetsiera hau alde batetik, adinarengatik ateratakoak daudelako eta bestetik, gurekin urte batzuetan egon direnak baina uztea erabaki dutenak daudelako da. 

Adierazgarria da dugun neska kopuru baxua, 3 bakarrik ditugu eta. Azkeneko urteetan neska kopurua jeisten joan da eta aurten inoizko baxuena da, pena bat. Aipatu beharra da aurtengo txapelketan derrigorrezkoa izango dela saio bakoitzean gutxienez neska batek parte hartzea.

Adin/mailaren arabera hiru ataletan banatuta daude, eta hauek dira aurtengo kirolariak:

  • Kimuak: Maia, Enaitz, Bittor, Kaiet, Eder, Itxaso, Hodei, Jokin eta Manex

  • Haurrak: Eñaut, Artizar, Adei, Alain eta Unai

  • Kadeteak: Eros, Mattin, Lander, Mikel, Malloa, Jurgi, Hegoi eta Laida

Aurtengo txapelketako datak jarri gabe daude baina aurreko urteetako datei erreparatuta martxoak 16tik apirilak 13rako igandeetan burutuko da seguruenik. 

2023-2024 kurtsoarekin batera bere ibilbidea bukatu zuten kirolariei aipamena egiteko garaia da. Beraien ibilbidean jarrera bikaina eta lan ederra egin zuten bai saioetan, bai txapelketetan, eta orain guzti hori aitortzea egokitzen zaigu.

Beraz, Eider, Iraide, Janire, Izarne, Inge, Conor, Hodei, ImanolAritza, Jon eta Eneko, mila esker, ongi izan eta hurrengo arte!!




2024/07/22

Sanferminetako saioak

Aurreko urteetan bezala, Araxes HK taldeak izan du presentzia Iruñeko Sanferminetan. Iaz bezala, gaztetxoen proba konbinatuko eta sokatirako erakustaldietan parte hartu du.

  • Proba Konbinatua: Erakustaldi honetan Nafarroako txapelketako finalistak lehiatzen dira, eta aurten Haur eta Kadete mailakoei ekitea egokitu zitzaien. Bi hauen emaitza punta banakoa izan zen: Haur mailan azkenekoak gelditu ginen eta Kadete mailan berriz irabazi genuen. Kadetetako kirolari batzuentzat azken saioa izan zen eta irabaziz despedida ezin hobea izan zuten.
  • Sokatira: 4x4 mistoko modalitatean aritu ziren ahal zen taldea osatuz, eta parte hartu zuten 3 taldetatik 2. gelditu ziren, irabazle izatetik ez oso aparte. Lan bikaina hauena ere.

Azken urteetan Kadete mailako Trontza txapelketan kale egin dugu kirolariak animatu ez direlako. Ea datorren urtean bikoteren bat aurkezten dugun, aurreko urteetan egin dugun bezalaxe.

Aupa Araxes!!


2024/06/11

Herri Kirol Eguna eta kurtso bukaera

Ekainaren 8an, egun osoko jardunaldia osatuz, ospatu genuen urteroko Herri Kirol Eguna. 

Egun honen helburu nagusiena Araxes, HK taldearen inguruan gaudenok elkarrekin biltzea, ospatzea, kirol pixka bat egitea, eta azken batean ongi pasatzea da.

Egunari hasiera emateko, gaztetxoenak herri kirol konbinadako saio bat burutu zuten, eta honi segida emateko, gurasoez eta kadete-haurrez osaturiko bina talde elkarren artean lehiatu ziren. Aldi bakoitzean gurasoen talde bat kadete-haur talde baten aurka aritu zen. 

Ondoren, kadete-haurren eta gurasoen aldetik "selekzio" bat egin zen eta elkarren artean lehiatu ziren, umore ona nagusi zela.

Goizari amaiera emateko, nesken sokatira taldea gurasoen aurka aritu zen eta bere dohaina erakutsi zuen partaide gutxiago, kilo gutxiago eta aldapa gora tiratuz, bere grina azaleratuz.

Bazkal aurretik musikaz girotuta tragotxo bat hartu txoznan eta segidan bazkaltzera joan ginen. Bazkari ederra atera ziguten.

Arratsaldean bi neska-mutil bikotek egindako erronka heldu zen. Bertan Naroa eta Joanes, Leire eta Enekoren aurka aritu ziren herri kirol proba konbinatuko lan gogor bati ekinez: 10 lokotx, 40-25kg-ko txingak, 25-15kg-ko zakua, 5 itzuli laisterrean eta tontzakin 100zm-ko enborrari bi epai, denek-dena eginez eta bi txandetan. Lan txukuna egin zuten eta ikusgarri gelditu zen.

Ondoren musika, pilota eta apaltzeko bokatak egon ziren.

Egun honen arrakasta bertara agertu ziren guztiei esker da, baina sokatirako taldeak antolatu eta aurrera eraman zuen lan guztia eta hauei eskertu behar zaie bereziki.

Kurtsoa bukatu dela ospatuz.

Ekainaren 6an aurtengo HK ikastaroa amaitu zela ospatu genuen otordutxo batekin, giro onean. Eskerrik asko kirolariei eta ea datorren urtean jarraitzen duten eta nesken kopurua handitzen den, ez aldatzekotan neska bakarrarekin geldituko gara eta.

Aupa ARAXES!!!



2024/04/18

Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketa 2024

Azken urteetan Araxesen sokatira taldea egorkontzen joan da eta aurtengo txapelketan aurreko urteetako bidea jarraitu du eta emaitzek hori adierazten dute.

Hemen, gaztetxoekin antzera, sariak jasotzen hasiak gara. Lan txukun eta onaren erakusgarri da. 

Modalitate ezberdinak daude eta bertan Emakumezkoetan eta Mistoan parte hartu du Araxes taldeak. Kadetetan izena eman genuen baina azkenean taldea ezin izan genuen osatu eta utzi behar izan genuen.

  • Emakumezkoak pisu ttikian (240kg): Bi jardunalditan lehian aritu ziren 8 talde eta bertan Araxes taldeak 3. postuko saria lortu zuen. Zorionak eta eskerrik asko neskak!! eta aupa Araxes!!
Sailkapen orokorra: Beti-Gazte - Berriozar - Araxes - Txantrea-B - Txantrea-A - Amaiur - Antsoain-A - Antsoain-B
 
Azken jardunaldia: Txantrean jokatu zen maiatzak 18an. Lehenik lehen jardunaldiaren moduan aritu ziren liga moduan. Bi egunetan lortutako puntuek finalerdia jokatzeko eskubidea eman zien eta hau galduta, 3 eta 4. postuak erabakitzeko lehian irabazi zuen.
Lehen jardunaldia: Antsoainen burutu zen maiatzak 11an burutu zen eta Araxes taldeak gogotik borrokatu zuen eta horren ondorioa berdinketa asko eta neke handia izan zen.


Araxes sokatira taldea lortutako sariarekin
  • Mistoa (280kg): Txapelketa hau jardunaldi bakarrekoa zen eta apirilak 27an jokatu zen Elizondon. Hemen talde bakarrarekin parte hartu genuen. Lan txukuna eginez, lortutako puntuazioaren arabera, 4. postuan berdinketa hirukoitza egokitu zen, baina faltak hautsi zuten berdinketa hori 5. postuan kokatuz.
     
    Sailkapena: Berriozar-A 7 - Berriozar-B 6 - Beti-Gazte 5 - Amaiur-A 3 (1) - Araxes 3 (2) - Amaiur-B 3 (3) - Antsoain 1 

     
  • Emakumezkoak pisu handian (255kg): Bi jardunalditan lehian aritu ziren, denera 7 talde. Araxes taldeak prestaketan egin beharreko lana egin zuen, baina beste taldeak maila handia erakutsi zuten. 
Sailkapena: Beti-Gazte 14 - Txantrea 10,5 - Amaiur 11 - Berriozar 8,5 - Araxes-A 6 - Araxes-B 3,5 - Antsoain 2,5
 
 
Azken jardunaldia: Barasoainen apirilak 20an jokatu zen eta Araxes-Ak aurreko astekoa errepikatu zuen eta Araxes-Bk puntu gutxiago baina postu berdina lortu zuen.
Lehen jardunaldia: Donezteben apirilak 14ean burutu zen eta Araxes-A taldea 5. gelditu zen eta B taldea berriz 6.

Aupa ARAXES!!!

2024/03/25

NKJ Herri Kirol Txapelketa amaitu da. Araxesek berriz sariak lortu ditu.

2024eko NKJko Herri Kirol txapelketa bukatu zen martxoak 24ean, Etxarri-Aranatzen jokatutako finalarekin. Berriz ere, eta gaizki ohitzen ari gara, ARAXES HK taldeak sariak ekarri ditu etxera. 

Proba konbinatuko finalean sartu ziren Haur eta Kadete mailako gaztetxoak eta bere indarra eta kemena atera zituzten.

Beste gehienekin alderatuz, gure taldea, gure herria bezalaxe, ttikia da, baina gure kirolariek gure taldea handia bihurtzen dute. Konbinadan maila desberdinetan sari bat baina gehiago lortu duen talde bakarra gara. Aurten ez dago txapelik, baina lortutakoa handia da. 

Haurrak konbinada: Aurreko jardunaldietan burututako lanen arabera, 3. postua lortzea izanen zen logikoena, baina inoiz ez da deus egina izaten jokatu aurretik. Hala ere, hortzak estutu zituzten eta, larri izan bazen ere, 2. postua lortu zuten.

Kadeteak konbinada: Hauen kasuan ere gauza ez zegoen argi. Aurreko jardunaldietan postuetan mugimendu dezente izan zuten. Saioa hasita, lehenengo txandan Araxes jarri zen finalaren buruan, baina beste bi taldeak ez ziren hankamotzak eta aldea janez joan ziren. Azkenean, oso gutxigatik bazen ere, 3. postuan bukatu zuten. Pena pixko bat izan genuen baina lortutakoa ez da makala. 

Sailkapenak:

Finala
Haurrak Konbinada
Kadeteak Konbinada
Pos.TaldeaDenbo.
Pos.TaldeaDenbo.
1Igantzi9:10
1Basaburua11:06
2Araxes9:49
2Arantza11:09
3Antsoain D9:51
3Araxes11:18
4Antsoain C10:43
4Berriozar13:12

Gogoratu behar da txapelketan beste bi leihaketetan parte hartu genuela:

Kimuak Konbinada: Sailkapen orokorrean 18 taldetatik 8. bukatu zuten. Oso lan txukuna.

Kadeteak Sokatira: Bai Etxarri-Aranatzko saioan, bai sailkapen orokorrean, 7 taldetatik 5. gelditu da.

Aipamen berezia gurasoei: Inoiz ez naiz aspertuko berdina esateaz. Emaitza onak izateko, kirolarekin zuzenean zerikusia duenaz gain, inguruko guztiak du eragina.

Gurasoen laguntzari, jarrerari, eman dituzten animoei eta jarri duten giro bikainari nire eskerrik sentituenak ematen dizkiet. Aurten gainera, autobus zerbitzurik gabe geratzeak suposatutako esfortzua nabarmentzekoa izan da.

Eskerrik asko!! eta AUPA ARAXES!!!