2021/01/29

Herri Kirol Txapelketa - Nafarroako Kirol Jokoak

Duda asko zegoen azkenean txapelketa burutuko zen edo ez, baina Federazioak gauza aurrera eraman du eta azkenean otsailak 28tik martxoak 28ra, igandero burutuko da.

Araxesek parte hartzeko izena eman du Kimu eta Haur mailetan, konbinadan bakarrik. Kadetetan kirolari nahikorik ez dago eta Haurretan sokatiran aritzeko gutxieneko pisua ez dugu ematen. Kadeteek beste talde batekin parte hartzeko aukera ttiki bat dago eta horrela kirolari guztiek aritzeko aukera izanen lukete.

COVIDa dela eta, publikorik gabe eta neurri zorrotzekin burutuko dira 5 jardunaldiak. Nahitaezkoa izanen da protokoloak agindutako ohar eta neurri guztiak betetzea, eta horretan kirolariak, gurasoak eta entrenatzaileak ardura handia dugu.

Taldeen partaidetza asko murriztu da eta horrek osasun aldetik asko laguntzen du. Hau da taldeen zerrenda maila bakoitzean:

KIMUAKAraxesBerriozar ABerriozar BIgantzi
Antsoain ?
HAURRAKAntsoain AAntsoain BAraxesBerriozarIgantziTxantrea
KADETEAKAntsoainBerriozarTxantrea

Igantzi ?

Federaziotik hainbat dokumentu jaso ditugu eta hemen aurkituko dituzue:

COVID-HK

Parte hartu behar duten kirolariek gurasoen baimena ANEXO VI -FAMILIAS PARTICIPANTES DECLARAC. RESPON_Araxes dokumentaren bidez bete eta sinatu beharko dute. Dokumentu hau aurreko link-an dago.

Ea COVIDari lehia hau irabazten diogun eta dena ahal den hobekien ateratzen den.

Aupa Araxes!!

2021/01/18

Nafarroako Trontza Txapelketa (mixtoa)

Gure gazteak bizkor daude eta Lekunberrin urtarrilak 17an burutu zen bikote mixtoko trontza txapelketan parte hartu zuten.

Saio arrakastatsua izan zen Lekunberrikoa, izan ere, aforo guztia bete ondoren ateak itxi behar izan zituzten eta kanpoan jende dexente gelditu zen ezin sarturik. Ez da ohikoa eta oso poztekoa da. Bertan aipatutako trontza txapelketa eta aizkorako bigarren mailako finala jokatu ziren.

 

Trontzan Araxesko bi bikote beste 10 bikoten aurka lehiatu ziren. Bikote guztien arteko gazteenak ziren, eta saioa hasi aurretik zer gertatu zitekeen ez zegoen jakiterik, baina Alaitz+Mattiek eta Josu+Olatzek beraien kasta atera zuten eta lan oso txukuna egin zuten, bai estilo, bai burututako denborangatik.

Josuk eta Olatzek saria lortu zuten hirugarren postua lortuz, eta Alaitz eta Mattie zortzigarren gelditu ziren. Zorionak hemendik laukoteari. Segi horrela atzetik datozen kirolarien eredu izaten, eta aupa Araxes!