2026/10/21

Nafarroako 6x6 Sokatira Txapelketa

Azken jardunaldia - Azaroak 7 - Lesaka:

Jardunaldi honetako helburu nagusia aurrekoaren arantza ateratzea zen, eta lan on bat eginda lortu zuten. 

Sailkapen orokorraren aldetik ez zegoen egiteko handirik eta horren ondorioz, presioa gainetik kenduta, lotsagabe jokatu zuten paperean indartsugoak diren taldeen aurka eta daukaten kemena erakutsi zuten. 

Konfidantza lagun zutela, tiraldi batzuk garbi irabazi zituzten eta galdu zituztenak irabaztetik oso gertu egon ziren. Horrela arituta, sarien usaina oso gertu dago.

Sailkapena horrela gelditu zen:

1. Beti Gazte / 2. Txantrea / 3. Berriozar / 4. Araxes / 5. Amaiur / 6. Antsoain

Orain Euskadiko txapelketa dator. Bitartean gogor entrenatuko gero eta hobeki aritzeko.


Lehen jardunaldia - Urriak 25 - Doneztebe:
Araxes taldea lan txukuna egiteko asmoarekin azaldu zen, baina jardunaldia oso gorabeheratsua suertatu zen. Hobeak ziren taldeen aurka tiraldi txukunak izan zituzten, eta printzipioz irabazteko moduko taldeekin ezin irabaziz ibili zen.
 
Azken batean, eguna okertzen hasi, eta honen ondorioz mentalki kaltea eraginda, inolaz espero ez zen emaitza eskasa jaso zuten. Sailkapena benetan nola gelditu zen ez zegoen adierazita testu hau idazteko garaian baina posizioak segidan dauden bezala gelditu zirela dirudi:

1. Beti Gazte / 2. Berriozar / 3. Txantrea / 4. Amaiur / 5. Araxes / 6. Antsoain

Txapelketak irailak 7an jarraituko du Lesakan, eta Doneztebeko arantza ateratzeko saioa egiteko amorruaz daude. 

Aurkezpena:

Sokatiraren 2026-2027 denboraldia heldu da eta Araxes taldeak, azken urteetan bezala, Nafarroako txapelketan parte hartu behar du emakumezkoen modalitatean.

Azken aldietan bezala, taldean nahiko mutilik ez dugunez, misto eta gizonezkoetan ez da parte hartuko. Pena, ea hau aldatzen den...

Araxesko neskek emakumezkoen 6x6-390kg modalitatean parte hartu behar dute; saioak urriak 25ean 11:30tan Donezteben eta azaroak 7an 17:00tan Lesakan izanen dira.

Sei talde hauek parte hartuko dute: Amaiur, Antsoain, Araxes, Berriozar, Beti-Gazte eta Txantrea.

Taldeari denbora gainera etorri ote zaion susmoarekin dago, baina gure nesken taldea txukuna dela eta ongi dagoela iruditzen zaigu eta plazan lan ona egingo duen itxaropena dugu.

Animo neskak eta Aupa Araxes!! 



2026-2027 ikasturtea hasi da

Konturatzerako denboraldi berrian murgilduta gaude eta betiko helburuari eutsiz jarraituko dugu, hau da, herri kirolak ezagutu eta gozatu eta lehia sano batean aritzeko prestatu. 

Partaide kopuru aldetik, iazko berdina da, 14, 8 kimu eta 6 haur maileko kirolariekin. Denera 3 neska daude, aukeran eskas.

Adin/mailaren arabera bi ataletan banatuta daude, eta hauek dira aurtengo kirolariak:

  • Kimuak: Lorea, Santi, Josu, Inaxio, Manex, Peru, Xabat eta Aiur

  • Haurrak: Maia, Bittor, Kaiet, Hodei, Jokin eta Ibone

Txapelketari begira jarrita...

Esan bezala, bi mailako kirolariak ditugu, baina oraingoz ezin dugu esan parte hartzeko baldintzak betetzen ditugunik:

  • Kimuak: Taldea aurkezteko 8 gaztetxo behar dira eta hemen 7 daude. Egia da osatzea erreza izango dela beste norbait fitxatuta.
  • Haurrak: Hemen 10 behar dira, beraz 4 faltan gaude. Bertakoekin osatzea zaila izanen da, eta agian beste talde batekin elkartu beharko gara.
  • Kadeteak: Aurten ez dugu kadeterik baina iaz bezala txapelketarako taldea ateratzen saiatuko gara. 

Aurtengo txapelketako datak ezarrita daude eta otsailaren 21etik martxoak 14ra dauden lau igandetan sailkatze liga burutuko da eta finala martxoaren 21ean izango da.

Agurra:

2025-2026 kurtsoarekin batera bere ibilbidea bukatu zuten kirolariei aipamena egiteko garaia da. Beraien ibilbidean jarrera bikaina eta lan ederra egin zuten bai saioetan, bai txapelketetan, eta orain guzti hori aitortzea egokitzen zaigu.

Beraz, Egoi, Laida, Alain eta Enaitz, mila esker, ongi izan eta hurrengo arte!!