2024/06/11

Herri Kirol Eguna eta kurtso bukaera

Ekainaren 8an, egun osoko jardunaldia osatuz, ospatu genuen urteroko Herri Kirol Eguna. 

Egun honen helburu nagusiena Araxes, HK taldearen inguruan gaudenok elkarrekin biltzea, ospatzea, kirol pixka bat egitea, eta azken batean ongi pasatzea da.

Egunari hasiera emateko, gaztetxoenak herri kirol konbinadako saio bat burutu zuten, eta honi segida emateko, gurasoez eta kadete-haurrez osaturiko bina talde elkarren artean lehiatu ziren. Aldi bakoitzean gurasoen talde bat kadete-haur talde baten aurka aritu zen. 

Ondoren, kadete-haurren eta gurasoen aldetik "selekzio" bat egin zen eta elkarren artean lehiatu ziren, umore ona nagusi zela.

Goizari amaiera emateko, nesken sokatira taldea gurasoen aurka aritu zen eta bere dohaina erakutsi zuen partaide gutxiago, kilo gutxiago eta aldapa gora tiratuz, bere grina azaleratuz.

Bazkal aurretik musikaz girotuta tragotxo bat hartu txoznan eta segidan bazkaltzera joan ginen. Bazkari ederra atera ziguten.

Arratsaldean bi neska-mutil bikotek egindako erronka heldu zen. Bertan Naroa eta Joanes, Leire eta Enekoren aurka aritu ziren herri kirol proba konbinatuko lan gogor bati ekinez: 10 lokotx, 40-25kg-ko txingak, 25-15kg-ko zakua, 5 itzuli laisterrean eta tontzakin 100zm-ko enborrari bi epai, denek-dena eginez eta bi txandetan. Lan txukuna egin zuten eta ikusgarri gelditu zen.

Ondoren musika, pilota eta apaltzeko bokatak egon ziren.

Egun honen arrakasta bertara agertu ziren guztiei esker da, baina sokatirako taldeak antolatu eta aurrera eraman zuen lan guztia eta hauei eskertu behar zaie bereziki.

Kurtsoa bukatu dela ospatuz.

Ekainaren 6an aurtengo HK ikastaroa amaitu zela ospatu genuen otordutxo batekin, giro onean. Eskerrik asko kirolariei eta ea datorren urtean jarraitzen duten eta nesken kopurua handitzen den, ez aldatzekotan neska bakarrarekin geldituko gara eta.

Aupa ARAXES!!!



No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.