2017/11/21

Kurtso hasiera

Urria ailegatzearekin batera, hasi da aurtengo kurtso berria eta neska-mutilak gogo biziz bildu dira. Aurtengoan aldaketa haundi samarra egon da, izan ere, zaharrenetako gehienek, nolabait esateagatik, utzi dute. Edozein modutara ez dute osotara utzi, izan ere, batzuk sokatira txapelketan parte hartu dute helduen mailan Antsoaingo taldearekin.
Bestalde, aurten gaztetxo pila bat bildu zaizkigu eta jarraipena aseguratu dute. Berri oso pozgarria. Denera XX partaideko taldea osatzen dugu.
Mailaren araberako aurtengo zerrenda:
  • Kimuak: Ibai, Julen, Janire, Irune, Bikendi, Iraide, Luka, Izei, Conor, Eider eta Laura 
  • Haurrak: Eneko, Iban, Saioa, Leire, Unai G, Aileen, Unai S eta Oier GL.
  • Kadeteak: Andere, Manex eta Oier GM.
  • Jubenilak: Josu, Oihan, Alejandro eta Mikel.
Zuzenean taldean ez badaude ere, aurretik aipatu bezala, afizioarekin eta aritzeko gogoarekin dabiltzanak hauek ditugu: 
  • Helduak-Jubenilak: Laura, Joanes, Julen, Mattie eta Alaitz dira txapelketan aritutakoak eta Beñat ere gogoz dabil.
 

Udako saioak

Azken urteetan bezala, hainbat herriko pesta eta ekitaldietan parte hartu da. Hauek izan ziren, nagusiki, kurtsoa bukatu ondoren burututako saioak:
Gure Esku Dago: Dinamika honen barnean, gure eskualdean kontsulta egin zen egunean, beste ekitaldi batzuekin batera, Herri Kiroleko erakustaldi bat egin zen. Bertan, hasiera gaztetxoenak eman zioten Kimu eta Haur mailakoekin konbinada bat egiñez, eta ondoren Kadeteak eta Jubenilak eman zioten txanda konbinada eta sokatira saioekin. Ondoren antolatzaileek otordutxo bat atera zieten.
Kurtso bukaerako gurasoen pesta: Urtero, hutsik egin gabe, gurasoek herri kirol saio batean parte hartzen dute seme-alabekin batera, eta noski ondoren ederki merezitako bazkariaz gozatzen dugu. Herri kirol saioan lau taldek parte hartu genuen eta bazkarian Beteluko elkartea ia osorik bete genuen. Bazkalostea, gazteek musikaz alaitu ziguten eta sekulan ahaztuko ez duten detailea izan zuten. Argazki eta oharrekin egindako album eder oparitu zidaten. Bertan 8 urteko ibilbidea biltzen zen, ttikitatik hasita heldu izan arteko bidea jasoz. Mila esker denoi!!



 Beteluko Sanpedroak: Urteroko usadioari jarraituz, hemen ere saio bikotza izan zen. Eguraldiak ez zuen lagundu eta fontoian egin behar izan zen. Leku aldetik eskas, beste ekitaldi batzuk ere eguraldi txarrarengatik bertan egin bait ziren. Dena dela, gure gazteak herriko gazteekin batera, nahastuta, parte hartu zuten eta giro politta sortu zuten. Ondoren herriak otordutxoa atera zuen partaideentzat.
Sanferminak: Azken urteetan, Kimuen konbinadako erakustaldian eta Kadeteen trontza txapelketan parte hartzen genuen. Baina aurten Kimuen talderik ez zegoenez, trontzako txapelketan aritu ginen soilik. Bertan Josu eta Beñat txapela lortzeko hautagai sendoak ziren, baina Basaburukoak gehiago izan ziren eta azkenean bigarren postua lortu zuten. Dena den, meritu haundiko lorpena izan zen.
Errazkingo pestak: Errazkingo gazteek desafioa bota zioten gure kadete eta jubenilen taldeari eta, nahiz eta lan desberdin eta kasu batzuetan ohiko lanak baina exigentegoak izan, onartu eta irabazi egin zuten. Txanda bakoitzean koxkolak, txingak, zakua, txirrinka (burnizko uztaia), kurpila (traktoreena), laisterra, iltzi-jostea eta trontza egin zuten. Ondoren sokatiran aritu ziren, eta berdinketa egon ondoren, errazkingoen alde joan zen. Pisuan alde oso haundia zegoen errazkingo gazteen alde. Ondoren barrikotera konbidatu gintuzten.  
Uitziko pestak: Saio ederra zegoen prestaturik baina eguraldi txarrak dena hankaz gora bota zuen eta ezin izan zen burutu. Kasu honetan hiru talde ziren aritzekoak, Araxes, Larraun eta Uitzi, bai konbinadan, bai sokatiran. Hurrengo urtean seguru baietz!