2015/03/29

2015eko Nafarroako Herri Kirol txapelketaren kronika

Aurtengo txapelketa ere bukatu da eta, orokorrean, Araxes Herri Kirol Taldeak egindako lana ontzat jo beharra dago. Nafarroako Herri Kirol Jokoen lehiaketan, adinaren arabera, hiru multzotan banatzen dira gaztetxoak: Kimuak (11-12 urte), Haurrak (13-14 urte) eta Kadeteak (15-16 urte).
Aurtengoan lehen aldiz, hiru mailetan aritu gara, denetan nahiko partaide bazegoelako. Salbuespena Haurrak mailan egon da, izan ere, bakarrik bost partaide zeuden eta falta ziren hiruak Berriozarko taldeak utziak izan dira. Maila guztietan konbinadan (lokotx-biltzea, txingak, zakua, laisterra eta arpana) aritu gara eta kadeteen kasuan, sokatiran ere bai.
Konbinadan, hiru jardunaldiren emaitzak gehituta (laugarren jardunaldi bat ere burutu zen baina frontoiaren egoera kaxkarrarengatik ez zen kontutan hartu), kimuak eta haurrak finalera pasa ziren. Kadeteak berriz, 15 segundu eskasengatik, finaletik kanpo gelditu ziren.
Finala Etxarri-Aranatzen burutu zen eta bertan maila bakoitzeko lau talde hoberenak aritu ziren soilik. Kimuek laugarren postua lortu zuten eta haurrek berriz hirugarrena. Kimuen kasuan finala lortzea bera oso kontutan hartzekoa izan da, denera 14 taldek parte hartu zutelako. Haurren kasuan 8 talde aritu ziren. Azken bi urteetan bezala, Araxes taldeak ekarri du saria etxera. Duela bi urte kimuetan konbinadako 2. postua lortu zen, iaz haurrek konbinadan txapela eta sokatiran 3. postua lortu zuten eta aurten berriz haur mailako konbinadako hirugarren maila.
Sokatiran, haurren kopurua nahikoa ez zelarik, ez zen talderik atera baina aurten aurreneko aldiz kadeteak sokatiran aritu ziren nahiz eta emaitzak ez diren onak izan. Kontutan eduki behar da taldea, bai jende kopuru, bai pisu aldetik, oso juxtu ibili dela. Dena den, ofizioa erakutsi dute eta postura ederrak eskeini dizkigute.
Datorren urtean ere berriz aritzeko gaia eta gogoa erakutsi dute, eta inguruko pestetan erakustaldi bat emateko prest daude.
Aipamen berezia Leire, Jon eta Mattieri egin behar zaie, izan ere, azken bost urte hauetan, gaztetxoenen mailetik hasita urtero leihan aritu dira eta aurtengoa izan da beraientzak azkena.
Ezin ahaztu ere gurasoen bultzada. Beraien animoak eta laguntza nahitanahiezko zaizkigu. Mila esker denoi. Hurrengo urtean berriz eta gehiago.