2016/11/05

2016 / 2017 denboraldia hasiera

Urria ailegatzearekin batera, hasi da aurtengo kurtso berria eta neska-mutilak gogo biziz bildu dira. Aurtengoan, aurrekoetan baina aldaketa gehio eman dira. Batzuk, helduenak, ezintasunez utzi behar izan dute, eta beste aldetik lagun berriak bildu zaizkigu gaztetxoen artean. Denera 21 partaideko taldea osatzen dugu, iaz bezala.
Mailaren araberako aurtengo zerrenda:
  • Kimuak:  Aileen, Unai eta Oier GL.
  • Haurrak: Andere, Manex, Cian, Eneko, Iban, Saioa, Xabi, Leire O. eta Oier GM.
  • Kadeteak: Josu, Beñat, Maitane eta Mikel.
  • Jubenilak: Jon, Laura, Joanes, Julen eta Leire I.
Garrantzitsuena ongi pasatzea, ikastea eta gure kiroletako baten griña piztea da. Dena den, azken urtetan bezala, aurtengoan ere txapelketan zerbait lortuko dute, seguru.


 >> OHARRA <<

Esan beharra dago ere, aurtengo txapelketan jardunaldi bat Betelun egiteko asmo sendoa dagoela. Lortzen badugu, lan pixko bat eginda, Araitz-Betelukoei eta ingurukoei gure gaztetxoak zertarako gai diren erakutsi ahal izango diegu.

"Azken Muga"n ere Herri Kirolak.


Azken Muga, garai bateko Gipuzkoa eta Nafarroa arteko lotura gogoratzeko eta bi mugen inguruko herrien arteko lotura berrindartzeko sortu den asmo bat da. Bertan, artisten erakustaldien eta beste hainbat ekitaldien artean, Herri Kirol saio bat egin zen.

Saioa uztailak 25ean egin zen eta Nafarroa aldetik Araxes taldea (Araitz-Betelu), eta Gipuzkoa aldetik bi talde aritu ziren: Amezketa eta Altzo-Alegia.

Leku oso aproposa ez izan arren, oso ongi burutu zen dena. Hasieran Proba konbinatua egin zen (lokotx bilketa, txinga eta zaku eramatea, laisterra eta trontza) eta ondoren sokatira.
Ez dio axolarik baina badaezbada, konbinadan Araxesek irabazi zuen eta sokatiran Amezketak.


Harri pare bat ere eraman ziren nahi zuenak frogatzeko. Harri bat jasotzeko zen eta beste bat (handiagoa) arrastatzeko. Bat edo beste ausartu zen. Oso giro onean burutu zen eta ikusle dexente bildu zen.

Ondoren, han bertan, Zaraten, bazkari eder bat atera zuten (Bedaiokoak arduratu ziren) eta 160 bazkaldar inguru bildu ziren.

Araitz-Beteluko gazteek giroa trikitixarekin alaitu zuten goiz eta arratsaldez.


Uitziko Pestetan ere izan zen HK lehia

Denboraldia hasi aurretik, kadete eta jubenilak Uitziko pestetan lehiatu ziren bertako gazteen aurka. Desafiotxoa Nafarroako txapelketako konbinadako lana baina pixko bat gogorragoa egitea izan zen eta giro ederrean burutu zen. 

Uitziko taldea gazte eta beteranoek osatzen zuten. Aje pixko bat, entrenamendu gutxi eta bata beste Araxes taldea garaile oso gutxigatik (3"). Eguraldi kaxkarra zela eta ez zen sokatirarik egin.

Aurretik umeak aritu ziren eta errelebo serioa dagoela erakutsi zuten.

Giro oso onean burutu zen ekitaldi osoa eta ondoren merendu ederra hartu zuten.
 

 
  .